Albisteak

 

Trapagarango Udalak www.trapagaranturismo.net webgune berria aurkeztu du gaur, herriaren eskaintza turistiko osoa eta bisitariarentzako interesgarria izan daitekeen informazioa erakusten duena. Udalak abagunea baliatu du aldi berean herriaren mapa turistiko berria ere aurkezteko. Mapa horretan webguneko edukirik garrantzitsuenak agertzen dira, paper euskarrian, Trapagaran ezagutzera datozen bisitariei emateko.

Alkateak, Xabier Cuéllar jaunak, gogoratu du turismoa gero eta gorago dagoen sektore bat dela eta ildo horretatik “Udalaren asmoa dela Trapagaranen xarma sustatzea, jendeak jakin dezan zer ikusi dezakeen, zer egin dezakeen, non jan dezakeen  edo non har dezakeen ostatu”. Ideia horretan sakonduz, Bernardo Azkuek, Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Merkataritzako zinegotziak gogoratu du meatzari-herriak “eskaintza oso erakargarria duela gu ezagutzera gerturatzen den bisitariarentzat”, eta hori oinarritzeko aipatu ditu Zugaztietako paisaia ederrak, meategietako aztarnak, ondare arkitektonikoa edo txirrindularitza zale guztientzat azpiegitura berriek ematen dituzten aukerak.

Webgune berriaren helburu nagusia da balioan jartzea herriak duen aberastasuna, ezagutzera ematea haren baliabide naturalak, azpiegiturak, gastronomia eta txirrindularitzan aritzeko erreferentziako toki gisa jartzea Trapagaran.

www.trapagaranturismo.net ataria irekitzen dutenek diseinu erabat “responsivea” daukan webgunea aurkituko dute, oso ondo ikus daitekeelako gailu mota guztietan, hots, mahai gaineko ordenagailuetan, tabletetan zein mugikorretan.  Gainera, oso intuitiboa eta bisuala da, modu errazean erakusteko herriak duen oparotasuna: gune natural liluragarriak, ondare historikoa eta Euskadin parekorik ez duten kirol azpiegiturak. Bizikletaz, oinez eta familiarekin egiteko zenbait ibilaldi proposatzen ditu eta mendiko bizikletan egiteko 6 ibilaldi deskargatzeko aukera ematen du. 

Plano turistikoak, bere aldetik, Trapagarango hirigunearen kale-izendegiaren planoak ditu eta Zugaztieta, Ugarte eta Elguero auzoetakoak ere bai. Horrez gain, bisitatu daitezkeen lekuen argazkiak ere badauzka, toki bakoitzaren azalpen txiki batekin. Amaitzeko, herrian dauden jatetxeen zerrenda eta telefono baliagarriak eskaintzen ditu.