Albisteak

 

Trapagarango Udalak eta “Baturik” merkatari, ostalari, eta zerbitzuen elkarteak, Caja Rural de Navarraren laguntzaz, “TRAPAGARAN ZAINDU” izeneko tokiko merkataritzaren bonuaren edizio berezia jarriko dute salgai maiatzaren 25ean. Ekitaldi honetan 50.000 euro jarriko dira zirkulazioan, eta horiek tarteko, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako sektorearen erosketak bultzatu nahi dira, inondik ere sektore hori oso kaltetuta baitago Covid-19ak sortutako osasun alertaren ondorioz dekretatu zen Alarma Egoera dela eta. Eta bestalde herritarrei eta bizitariei %50eko aurrezpena eskaini nahi zaie bere erosketetan, beste ekitaldi batzuetako ohiko deskontua %33koa izaten denean.

Hau izango da aurten abian jarriko den “Trapagaran zaindu” bonuaren lehenengo ekitaldia, antzeko beste bat egingo delako uda igaro ondoren. Hortaz, 2020 urte honetan, eta Alarma Egoerak sortutako baldintzak direla eta bikoiztu egingo da Udalak asmo horretarako inbertitu ohi duen dirua, 25.000tik 50.000 eurora igaroz, haize fresko putzada bat garai latz hauetan, inondik ere, gure herriaren ekonomiaren oinarri diren merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzako establezimenduentzat eta bezero zein bisitarientzat.

Establezimenduak

Guztira 72 establezimendu apuntatu dira ekitaldi honetara, denak 10 enplegatu edo gutxiagokoak eta, gutxienez, saltoki bat dutenak Trapagaranen. Haien artean Baturik elkartekoak direnak eta ez direnak daude. Establezimendu kopuru hau orain arteko ekitaldietan egon den inoizkorik kopururik handiena da.

Haien artean daude janari-dendak, autoeskolak, tabernak eta jatetxeak, jantziak eta osagarriak, estetika-zentroak eta ileapaindegiak, zapata-dendak, ilea apaintzeko produktuen dendak, optikak, kirol-denak, elikagai osagarrien dendak, hortz klinikak, errehabilitazio klinikak, fotokopia-dendak, paper-dendak, dietetikak, burdindegiak, loradendak, gimnasioak, teknologia berrien saltokiak, bitxidendak, jostailu-dendak, mertzeriak, liburu-dendak, komunikazio eta publizitateko negozioak, eraberritze- eta dekorazio-dendak, argazki-dendak, etxeko animalien dendak...

Kanpaina honetako berrikuntzetako bat da parte hartu nahi duten establezimenduek on-line inprimaki bat bete beharko dutela, eskuragarri egongo dena Trapagarango Udalaren eta Baturik elkartearen webguneetan. Izena emateko unean establezimendu horiek zabalik egon daitezke edo bere jarduna etenda eduki lezakete alarma egoeraren ondorioz, baina, kontsumitzaileek erositako bonuak erabili ahal izateko, establezimenduak zabalik egon beharko dira.

Atxikitako establezimenduen zerrenda (PDF 98KB)

Bonuak

Kanpaina honetan 1.666 bonu jaulkiko dira, bakoitza 30 euroko balio nominalarekin, baina 15 eurotan erosiko dira, hortaz eramaileak 30 euroko balioa izango du kanpainara atxikitako Trapagarango establezimenduetan kontsumitzeko.

Merkataritza-bonu hau zatikagarria izango da eta bi zatikitan banatuta egongo da, bakoitza 15 eurokoa. NAN bat erakutsita, gehienez, bi bonu eskura daitezke.

Edizio berezi honetako beste berrikuntzetako bat da alarma egoeragatik bere jarduna etenda izan duten edo oraindik etenda duten saltokietako batean erabili beharko dela zatiki hauetako bat, eta beste zatikia, saltoki berean edo egoera berean dagoen edo zabalik dagoen beste saltoki batean erabil daiteke, betiere kanpainara atxikita egon beharko delarik.

Jarduera etenda duten saltokietan bonuak edo zatikiak ezin izango dira erabili, harik eta saltokia zabaldu arte. Gainera, erosleak metatzea ala ez erabaki dezake zenbateko handiagoko erosketetarako erabiltzeko, baina 60 euroko mugarekin. Merkataritza-bonu edo zatiki bakoitza erosketa bakar batean baino ezin izango da erabili. Erosketa bakoitzean, gehienez bi bonu oso erabil daitezke (60 euro).

Berrikuntza gisa, kontsumitzaileek bereariaz sortu den www.trapagaranbizi.com webgunearen bidez eros ditzakete bonuak 2020ko maiatzaren 25etik 29ra edo izakinak agortu arte. Aipatu webgunera udalaren eta Baturiken atari eta Facebooketik ere sar daiteke.

Erosten dituztenek 2020ko maiatzaren 25etik uztailaren 21era (biak barne) erabili ahal izango dituzte kanpainara atxikita dauden establezimenduetan. Bereiztu egin dira erosketa-data eta bonuen erabilera-data, parte hartzen duten establezimenduek kontsumitzeko erosi diren bonuen jarraipen hobea egin dezaten. Atxikitako establezimenduen zerrenda kanpainako webgunean eta udalaren zein Baturiken atari eta Facebook-etan argitaratuko da.

Bonuak erosi eta erabiltzeari buruzko oinarri eguneratuak (PDF 470KB)

Amaitzeko azpimarratu behar dugu Baturik eta Trapagarango Udala urtarriletik ari direla kanpaina hau aurrera eramateko lan egiten, azken urteetan arrakastatsua izan baita gure herrian. Izan ere, bonuak saltzeko orain arte erabili ohi den tokia ez zegoen erabilgarri, hortaz, hiru kontsulta egin eta gero pentsatu zen berariazko saltokia sortzea ekimen honentzat eta beste batzuetan, eta hortik sortu zen web plataforma bat baliatzea salmentarako.

Kartela (PDF 748KB)