Albisteak

 

Trapagarango Udalak eta Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Elkarteak (Baturik), Caja Rural de Navarrarekin lankidetzan, datorren maiatzaren 25ean abian jarriko dute tokiko merkataritzaren edizio berezi bat “TRAPAGARAN ZAINDU” izenekoa. Edizio bereziko bonuak 50.000 euro jarriko ditu zirkulazioan, eta hori dela medio herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorean erosketak suspertu nahi dira, erabat kaltetuta baitago Covid-19ak sortutako osasun alertagatik dekretaturiko alarma egoeraren ondorioz, eta, aldi berean, herritarrei eta bisitariei mesede egin nahi zaie erosketetan %50eko deskontuarekin, beste edizioetan ohikoa zen %33ko deskontuaren aurrean.

Aurten abian jarriko diren tokiko merkataritzaren bonuaren bi edizio berezietako lehena izango da hau, uda igaro ondoren beste bat egongo baita. Horrela bada, 2020 urte honetan, alarma egoerak sortutako egoera dela eta bikoiztu egingo da udalak xede honetara bideratuko duen diru-kopurua, 25.000tik 50.000 eurora igoz, garai latz honetan auspoa emateko bai gure herriko ekonomiaren oinarri diren merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza establemienduei, eta bai bezero eta bisitariei.

Establezimenduak

Gaurtik hasi eta maiatzaren 15era arte atxiki daitezke kanpainara merkataritza, ostalaritza edo zerbitzu sektoreko establezimenduak, 10 enplegatu edo gutxiago badituzte eta saltoki bat baldin badute Trapagaranen, berdin diolarik Baturikeko kide izan ala ez. Kanpaina honetako berrikuntzetako bat da parte hartu nahi duten establezimenduek on-line inprimakia bete beharko dutela, eskuragarri dagoena Trapagarango Udalaren eta Baturik elkartearen webguneetan. Izena emateko unean establezimendu horiek zabalik egon daitezke edo bere jarduna etenda eduki lezakete alarma egoeraren ondorioz, baina, kontsumitzaileek erositako bonuak erabili ahal izateko, establezimenduak zabalik egon beharko dira.

Bonuak

Kanpaina honetan 1.666 bonu jaulkiko dira, bakoitza 30 euroko balio nominalarekin, baina 15 eurotan erosiko dira, hortaz eramaileak 30 euroko balioa izango du kanpainara atxikitako Trapagarango establezimenduetan kontsumitzeko. Merkataritza-bonu hau zatikagarria izango da eta bi zatikitan banatuta egongo da, bakoitza 15 eurokoa. NAN bat erakutsita, gehienez, bi bonu eskura daitezke. Edizio berezi honetako beste berrikuntzetako bat da alarma egoeragatik bere jarduna etenda izan duten edo oraindik etenda duten saltokietako batean erabili beharko dela zatiki hauetako bat, eta beste zatikia, saltoki berean edo egoera berean dagoen edo zabalik dagoen beste saltoki batean erabil daiteke, betiere kanpainara atxikita egon beharko delarik.

Jarduera etenda duten saltokietan bonuak edo zatikiak ezin izango dira erabili, harik eta saltokia zabaldu arte. Gainera, erosleak metatzea ala ez erabaki dezake zenbateko handiagoko erosketetarako erabiltzeko, baina 60 euroko mugarekin. Merkataritza-bonu edo zatiki bakoitza erosketa bakar batean baino ezin izango da erabili. Erosketa bakoitzean, gehienez bi bonu oso erabil daitezke (60 euro). Berrikuntza gisa, berariaz zabaldu den webgune batean erosi ditzakete bonuak kontsumitzaileek, 2020ko maiatzaren 25etik uztailaren 25era arte edo izakinak agortu arte. Web horretara udalaren eta Baturiken atari eta Facebooken bidez ere iritsi daiteke.

Erosten dituztenek 2020ko maiatzaren 25etik uztailaren 21era (biak barne) erabili ahal izango dituzte kanpainara atxikita dauden establezimenduetan, baldin eta zabalik badaude. Atxikitako establezimenduen zerrenda kanpainako webgunean eta udalaren zein Baturiken atari eta Facebook-etan argitaratuko da.

Atxikitzera eta parte hartzera animatzen ditugu establezimenduak. Aurreko 10 edizioetan, bataz beste, 65 izan ziren atxikitako establezimenduak.

Kanpainaren oinarriak (PDF 473KB)

IZEN-EMATE INPRIMAKIA