Albisteak

 

Trapagarango Udalak, Meatzaldeko Merkataritzaren Bulego Teknikoak eta ‘Baturik’ merkatari eta ostalari elkarteak gaur eman dute jakitera Trapagarango hirugarren pintxo lehiaketaren emaitza. Betiko Quinielas tabernak (Maiatzaren Lehena, 51) jaso du lehen saria epaimahai profesionalaren kategorian, eta Boulevard Kafe Antzokiak (Doctor Mulero, 2) eraman du herriepaimahaiaren kategoriako lehen postua.

Herri meatzarian egin den jaialditxo batean zehar eman da jakitera lehiaketaren epaia, ekitaldiaren buru izan direlarik Trapagarango Alkatea, Xabier Cuéllar eta Baturikeko presidentea, Iñaki Sasiain. Horiez gain, beste udal ordezkari batzuk ere egon dira: Sozialisten bozeramalea, Miguel Ángel Gómez, eta Tokiko Merkataritza eta Ekintzaileen zinegotzia, Karmele Martínez; eta lehiaketa babestu duten erakundeetako ordezkariak (Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, Deia, Campos kontserbak, Bersatxoa edarien komertziala, Trápaga Bosch Car Service, Onmotiva, Emtesport eta Merkosta Vasca), Cecobiko Idazkari Nagusi Pedro Campo, taberna parte-hartzaileen ordezkariak, Ezkerralde eta Meatzaldeko merkatari eta ostalarien ordezkariak, herriko kultur elkarteenak eta Caja Rural de Navarrako sukurtsalarena ere bai.

“III Trapagaran Pintxotan – De Pintxos” pintxoen lehiaketaren hirugarren edizio hau azaroaren 8tik 24ra egin da, ostalaritzako hamahiru establezimenduk parte hartu dutelarik: Betiko Quinielas taberna, La Pinta taberna, Arana taberna, Sotoki Taberna, Happy taberna, La Gramola taberna, Bizigarri kafe-jatetxea, Batzokia, Boulevard Kafe Antzokia, Karrantza Taberna, Txalaparta kafea, London kafea eta Trasgu kafetegia.

Lehiaketa honetan zehar establezimendu bakoitzak, bataz beste, zortziehun pintxo saldu ditu, eta horrek agerian jartzen du lehiaketak sortzen duen interesa. Haren inpaktu ekonomikoa 30.000 eurotik gorakoa izan da, hots, kontsumitzaileek gastatu dutena parte hartu duten hamahiru establezimenduetan. Gainera, azpimarratzekoa da herritar eta inguruko herrietako jende askok dastatu dituztela pintxoak, hautestontzietan 200 inprimaki utzi baitziren taberna guztietako zigiluekin eta pintxo gogokoenarentzako botoarekin.

Epaimahai profesionala arloko adituez eratu da eta kontutan hartu ditu pintxoen aurkezpena, originaltasuna, berrikuntza, zapore-harmonia eta elaborazioa. Sukaldari hauek izan dira epaimahai kideak: Tomás Sánchez (Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko Ohorezko Presidentea), Alberto Markina (bere anaiarekin batera zenbait ostalaritza establezimenduren jabe eta arduraduna, hala nola, Santurtzin dauden “La Capi Gourmet” eta Krunch-ena, eta Villaverdeko hareneko “La Capitana”-rena) eta Santos Guerrero (Castro Urdialesko “La Arboleda” jatetxearen jabea). Kategoria honetan Betiko Quinielas taberna izan da saritua, jarraiko bigarren urtez modalitate honetan.

Establezimendu parte-hartzaileetara pintxoak dastatzera joan eta gehien gustatu zaienaren aldeko botoa eman dutenek osatu dute herri-epaimahaia. Kasu honetan, irabazlea Boulevard Kafe Antzokia izan da.

Trofeoa, diploma eta DEIAn argitaratuko den Onmotivak diseinaturiko erreportaje eta faldoia jaso dute aipatu bi establezimenduek.

Esan behar da, bi establezimendu irabazleak hurrengo hilabeteko larunbat eta igandeetan pintxo irabazlea eskaintzen jarraituko dutela, nahi duenak dastatu dezan.

Jaialdian zehar beste 20 sari ere eman dira, aldez aurretik zozketatu direlarik taberna partehartzaile guztien zigiluez inprimakia bete eta hautestontzietan utzi dituztenen artean. Opariak hauek izan dira: bi gauko egonaldia landetze batean, gosariak eta afariak barne, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eskutik; bi pertsonentzako hiru bisitaldi Bordón upelategietara, Merkosta Vascaren dohaintza; Marqués de Vitoria sei kutxatila ardo, Bersatxoa edarien komertzialak emanak; lau lote arrain-kontserba, Conservas Camposen opari; 150 euroko erosketa-txartel bat, Baturikek eskainia eta ibilgailuentzako lau azterketa, IATren aurrekoa eta iragazkia barne, Trápaga Bosch Car Servicen eskutik.