Albisteak

 

Trapagarango udala eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak urte amaiera baino lehen enplegu plan berria jarriko du abian, Meatzaldeko Behargintzaren bitartez beste 18 langabetu kontratatzeko sei hilabetez.

Neurri hau, Ezkerralderako eta Meatzalderako Eusko Jaurlaritzak sorturiko Talka Planaren atal delarik, hiru erakundeen, hots, Eusko Jaurlaritza, Lanbide eta Udalaren arteko lankidetzaren ondorio da. Eskualde bereziki behartsuan langabezia tasa murrizten jarraitzeaz gain, hiru helburu ditu: interes orokor eta sozialeko lanak egitea herriaren alde, parte hartzen duten pertsonen egoera ekonomikoa hobetzea eta prestakuntza zein eskarmentuaren bidez pertsonok gaitzea hurrengo lan baterako.

Kontratatuko diren 18 pertsonetatik, zortzik basabideak eta lurrazpiko edukiontziak egokitzeko eta hiri-altzariak margotzeko taldea eratuko dute. 2 ofizialak izango dira eta 6 zerbitzu anitzeko peoi espezialistak. Ofizialek, gutxienez, lanbide horretan 24 hilabeteko esperientzia egiaztatu beharko dute eta haien lan kontratua lanaldiaren %75koa izango da.

Beste alde batetik, 2 koordinatzaile eta 8 hurbiltasuneko hiri-agentek herrian egien diren jarduera aipagarrien berri emango diete herritarrei, gizalegezko ekintzez kontzientziatuko dituzte, adibidez, animaliak edukitzeari buruzko ordenantzaz, bide publikoan eta hiri-altzarietan dauden kalteen berri emango dute eta laguntza emango dute ikastetxe inguruetan. Arduradunek %100eko lanaldiko kontratua edukiko dute, baina hiri-agenteek lanaldiaren %50ekoa. Arduradun lanpostua betetzeko, gutxienez, Erdi Mailako edo Goi Mailako Hezkuntza Zikloa edo Batxilergoa eduki beharko da. Agentea izateko, ordea, nahikoa izango da Eskola Graduatua edo baliokidea edukitzea.

Pertsona horiek guztiak langabezian, Lanbiden izena emanda eta Trapagaranen erroldatuta egon beharko dira, gutxienez urte bete lehenago, eta ez dute parte hartu behar izan “Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen Programa”ko aurreko edizioetan. Horrez gain, Lanbideren sailkapenaren arabera laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboren batekoak izan beharko dira (esaterako, DSBEren hartzaileak edo onuradunak, 35 urtetik beherakoak, 55 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabeak, ezinduak, genero indarkeriaren biktima diren emakumeak eta abar). Horietatik guztietatik, gutxienez %40 emakumeak izango dira eta %15, 55 urtetik gorakoak.

Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 20ra arte. Interesdunak Lanbideren webguneko eskaintzetan aurre-inskribatu beharko dira eta Enplegu eta Herriaren Garapenerako Agentzian aurkeztu baldintza eta inguruabarrak betetzen dituztela egiaztatzeko eskatzen zaizkien agiri guztiak.

Hirugarren enplegu plan honen kostua 231.000 eurokoa da. Horietatik, 58.000 € Udalak inbertituko ditu udal aurrekontuaren arabera eta gainerako 173.000 euroak Lanbideren dirulaguntzaren bidez helduko dira.

Proiektu honek sendotu egiten ditu udalerrian bi erakundeek kofinantziatuta egin diren beste bi programak. Bata, laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboei zuzendu zena, zeinaren bidez 23 pertsona kontratatu baitziren; eta bigarrena, esperientziarik gabeko 30 urtetik beherako gazteentzakoa, zeinaren bidez 2 pertsona kontratatu baitziren. Horiek batuta Talka Planeko 18 pertsonekin, guztira 43 pertsona egiten dute.

Hiru planen inbertsioa guztira, 575.000 eurokoa da, horietatik 224.000 € Udalak jartzen dituelarik eta gainerako 351.000 euroak, Lanbidek.

Trapagarango hirugarren enplegu plan hau goize honetan egindako prentsaurrekoan aurkeztu da, bertan zegoelarik herriko alkatea, Xabier Cuéllar Cuadra jauna, Talde Sozialistako bozeramalea, Miguel Ángel Gómez Viar jauna eta Sustapen Ekonomikoko Zinegotzi Delegatua, José Enrique Uriarte Cantero jauna.