Albisteak

 

Aurreko bi edizioetan lortutako arrakastaren ostean, Trapagarango Udaleko Tokiko Merkataritza eta Ekintzailetza Sailak eta Meatzaldeko Merkataritzako Bulego Teknikoak, “Baturik” Merkatari eta Ostalarien Elkartearekin batera, “III Trapagaran Pintxotan-De Pintxos” herri mailako pintxoen hirugarren lehiaketa antolatzea erabaki du. Lehiaketa hori azaroaren 8tik 24ra egingo da. Parte hartu nahi duten herriko establezimenduek urriaren 11ra arteko epea dute izena emateko Enplegu eta Herriaren Garapenerako Agentzian.

Lokal bakoitzak pintxo bakar bat aurkez dezake, eta lehiaketak dirauen artean eskaini beharko du. Ez da onartuko ezelako aldaketarik egitea pintxoan, hau da, osagaiak eta aurkezpena hasierako berak izango dira beti.

Antolatzaileek banatutako bereizgarria izango dute parte hartzen duten pintxo guztiek, eta bereigarri horretan pintxoaren osagaiak agertuko dira.

Lehiaketarako aurkezten den pintxoa publikoaren eskura egongo da, gutxienez, lehiaketak dirauen egun guztietan, alegia:

  • Ostiraletan 19:30etik 22:00etara.
  • Larunbatetan 12:30etik 15:00etara eta 19:30etik 22:00etara.
  • Igandeetan 12:30etik 15:00etara.

Lehiaketako pintxoek prezio bakarra izango dute: 1 €. Kontsumizio bat egin beharko da pintxoa prezio horretan lortzeko. Pintxoak ez dira eramateko salduko.

Aurreko edizioetan bezala, lehiaketan bi sari emango zaizkie parte hartzen duten tabernei. Sarietako bat epaimahai profesional batek emango du eta bestea, herri epaimahai batek. Kasu bietan emango dira diploma bat eta trofeo bat.

Epaimahai profesionaleko kideak sukaldaritzan adituak izango dira eta pintxoak baloratzean kontuan izango dituzte haien aurkezpena, originaltasuna, berrikuntza, zapore-harmonia, tenperatura eta elaborazioa.

Herri-epaimahaia osatuko dute, ordea, parte hartzen duten establezimenduetara pintxoak dastatzera joan eta gehien gustatu zaien aldeko botoa ematen duten pertsonek.

Lehiaketa honek herritarren artean beti izan duen onarpen zabala ikusirik −aurreko bi edizioetako bakoitzak 30.000 euroko inpaktu ekonomikoa izan zuen parte hartu zuten taberna guztien artean− antolatzaileek parte hartzera animatzen dituzte herriko establezimendu guztiak.

Aurrerago, lehiaketaren egunak eta herritarrek botoa emateko egunak hurbilago daudenean, informazio gehiago emango da, hau da, zehaztu egingo dira datak, modua eta irabaz daitezkeen sariak.

Antolatzaileek ahalik eta zabalkunderik handiena emango diote lehiaketari prentsan, webguneetan, udal pantailetan, erreportajeetan, Tele 7-n, sare sozialetan eta abar.