Albisteak

 

Trapagarango Udalak “Gure Trapagaran 2020:gune naturalak” deituriko argazki lehiaketa bat abiarazi du. Honen helburua da herritarrek aukera ditzatela 2020ko udal-egutegia osatuko duten irudiak.

Lehiaketaren gaiak herriko natur guneen inguruan biratzen du. Lehiaketa, bi fasetan banatuta egongo da. Lehen fasean, epaimahaiak aurretiko hautaketa bat egingo du aurkeztutako argazki guztien artetik.
Bigarren fasean, ordea, herritarrak izango dira gehien gustatu zaizkien argazkien aldeko botoa emango dutenek, Trapagarandarrek,  bere parte hartze eta botoen bidez, aukera izango dute 2020ko udal-egutegian argitaratuko diren argazkiak zeintzu izango diren erabakitzeko. Horrela, bada, egutegi trapagarandarra herritarren parte-hartzearen bitartez sortuko da.

Botorik gehien lortzen duen argazkiak 300 euroko bonu bat jasoko du Trapagarango establezimenduetan gastatzeko. Halaber, botorik gehien jasotzen duten 13 argazkiek, hamabi hilabeteak eta 2020ko udal-egutegiko azala  irudiztatuko dituzte.

Lehiaketan, Trapagaranen erroldatutako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute. Hauek bere lanak formatu digitalean, horizontalean, eta kolore edo zuri-beltzean aurkeztu beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hamabi argazki aurkeztu ahal izango ditu. Hauek, originalak izateaz gain, Trapagarango natur guneak islatu beharko dituzte. Halaber, beste lehiaketa batzuetan saritutako lanik ezin izango da aurkeztu eta egutegian parte-hartzaile bakoitzeko gehienez sei lan argitaratuko dira.

Argazkiak aurkezteko epea urriaren 20an bukatzen da. Lanak aurkezteko, bi aukera daude. Batetik, lanak Udaleko Kultura Sailera  eraman ahal izango dira CD edo USB batean, gutun-azal itxi batean sartu beharko  dira eta bertan  “Argazki-lehiaketa.: Udal egutegia 2020”. izenburua jarri. Gutunaren barruan, orri batean, egilearen datuak jarriko dira (izen-abizenak, helbidea, hartu-emanetarako telefonoa, helbide elektronikoa, eta argazkiaren izenburua, lekua eta data). Argazkien gutxieneko bereizmena 300 p.p.p-koa izango da, eta alderik txikienak 15 cm. izango ditu. Bestalde, argazkiak egutegia.trapagaran@gmail.com helbide elektronikora ere bidali ahal izango dira, egilearen datu berak eta lehen aukeran agertzen diren baldintzak betez.

Interesdunek informazio zehatzagoa eta lehiaketako oinarriak lor dezakete Facebook-eko “Gure Trapagaran/Nuestro Trapagaran 2020" orrialdean, www.trapagaran.net webgunean edo egutegia.trapagaran@gmail.com helbide elektronikoan.

 Oinarriak (PDF 465KB)