Albisteak

 

Apirilaren 6an egingo da Trapagaranen Indabaren Egunaren bigarren edizioa. Lehiaketa hau iaz jarri zen abian, herria dinamizatzeko asmoz, gure gastronomiako plater nagusietako baten bidez: indaben bidez, alegia.

Lehiaketaren lehen edizioan 16 ostalaritza lokalek hartu zuten parte, kopuru polita inondik ere, baina bigarren edizio honetan zenbait berrikuntza sartu dira. Horietan garrantzitsuena da lehiaketa ez dela tabernentzat bakarrik izango, kuadrillak eta banakoak −Trapagarangoak zein kanpokoak− ere parte hartu ahal izango dutelako eta beren indaba-lapikoak prestatu egun zoragarri honetan, musikaz girotuta eta kaleetan jolas-jarduerak daudelarik.

Egun horretan egingo den lehiaketan karilla indaba erabiliko da, Enkarterrietako lekaria, eskualde honetako nekazariek hazten dutena. Desagertzeko zorian zegoen indaba mota bat da, Trueba interpretazio zentroaren ahalegin eskergari esker berreskuratzen ari dena, Arboledako Nekazal eta Abeltzain Azokaren azken edizioetan antzeman izan dugun bezala.

Meatzari herriko alkateak, Xabier Cuéllarrek, gogoratu du iaz 70 kilo karilla indaba baino gehiago kontsumitu zirela ostalaritza establezimenduek doan banatu zituzten 3.000 anoatan. “Aurtengo helburuak dira zifra hori gainditzea eta gastronomia-hitzordu hau Trapagarango urteroko jardueren agendan finkatzen hastea”, esan du lehen zinegotziak.

Bere aldetik Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Merkataritzako zinegotzi Bernardo Azkuek esan du indaba “gure herriaren ikurretako bat” dela eta horregatik jarraituko dutela “Enplegu eta Herriaren Garapenarako Agentzian hura sustatzen eta Trapagarango ostalaritza sektorea dinamizatzeko balio duten jarduera gastronomikoak antolatzen”.

Parte hartu nahi duten pertsonek formulario honen bidez (https://aedltrapagaran.blogspot.com/p/inscripcion-2-dia-de-la-alubia.html) eman beharko dute izena, otsailaren 25eko 9:00etatik martxoaren 8ko 9:00ak arte. Izena emateko epea amaitu ondoren, antolatzaileak harremanetan jarriko dira parte-hartzaileekin, lehiaketari buruzko azken kontuak zehazteko.

Adinez nagusi den edonork eman dezake izena. Dena den, parte-hartzaile baikotzak inskripzio bakar bat egin dezake eta kazola/lapiko bakar bat aurkez dezake lehiaketan. Antolatzaileek mota horretako indaba kilo bana emango die doan izena ematen duten lehenengo 30ei. Dena den, Trueba Zentroaren kontaktua emango da gehiago erosi nahi badute ere, eta gainerako parte–hartzaileak ere hornitu daitezen.

Lehiaketan parte hartzen dutenek 9:00etan aurkeztu beharko dira erabiliko duten kazola/lapikoarekin, antolatzaileek ontzat eman dezaten. Lehiaketatik at ere edonork prestatu ditzake indabak. Kasu horretan edozein indaba-mota erabil dezake, eta beharrezkoa ez bada ere webguneko formularioan izena ematea, apirilaren 6an, goizeko 10:00etan, aurkeztu beharko da antolatzaileek esan diezaioten non jarri. Lehiaketa ofizialki 9:30ean hasiko da.

Karilla indaban adituak diren profesional espezialistez osatua egongo da Epaimahaia, denak direlarik Trueba Zentroko kide. Haien epaia apelaezina izango da.

Epaimahi honek 13.00etatik 15:00etara aurkezten diren kazola/lapiko guztiak baloratuko ditu, kontuan hartuta aurkezpena, zaporea eta egosketa-puntua.

Irabazleak lapiko handi bat, txapela eta herriko dendetan erosteko 300 euroko txartel bat jasoko ditu. Bigarren saria lapiko txiki bat eta herriko dendetan erosteko 200 euroko txartel bat izango da eta hirugarrena, plaka oroigarri bat eta Baturikeko establezimenduetan erosteko 100 euroko txartel bat, Trapagarango Merkatari eta Ostalarien Elkarteak emana.

Laugarrenetik hamargarren sailkaturaino jasoko duten sariak izango dira “Marqués de Vitoria” ardo-botila bat, 1 kg karilla indaba eta sakramentuak, honako harategiek emanak: Dani, Zurbano anaiak, Maritxu, Urkijo, Josemi, Nardo eta Mari Jose plater kozinatuak eta Txili urdaitegiak.

Lehiaketa hau Trapagarango Udalak antolatu du Enplegu eta Herriaren Garapenerako Agentziaren bidez, eta hainbat laguntzaile izan ditu, hala nola, Baturik, Meatzaldeko Merkataritzako Bulego Teknikoa, Trueba Interpretazio Zentroa eta herriko zenbait enpresa.

Oinarriak (PDF 239KB)

Kartela (PDF 392KB)