Albisteak

 

Azken 40 urteotan gure gizartean garatutako egiturazko eraldaketaren adierazgarri nagusien artean, nabarmendu egin behar da emakumeak hezkuntza-sisteman eta politikaren arloan sartu direla, laneratu egin direla eta, horren ondorioz, independentzia ekonomikoa lortu dutela. Gaur egungo gizartea etengabe ari da bilakatzen emakumeek eta gizonek garatzen dituzten zereginen arloan. Hala ere, aldaketa sozial handiak gertatu badira ere, oraindik ere aukera-desberdintasuna dago gizon eta emakumeen artean. 

Gizartearentzat oso erronka handia da emakumeek eta gizonek berdintasunbaldintzetan eta bete-betean arlo guztietan parte hartzea. Zuzenbidezko berdintasunak ez du egitatezko berdintasunik ekarri, eta zenbait faktoretan antzematen da hori. Hain zuzen ere, etxeko lanen erantzukizuna emakumeena da oraindik ere, baita mendekoen zainketa ere (nahiz eta ordainpeko enplegua eduki). Bestetik, emakumeen lanjardueraren tasa txikiagoa da, baita euren soldatak ere. Ezkutuko jarduera ekonomikoa nagusi da emakume etorkinen artean, eta emakume askok jasaten dituzte tratu txarrak...

Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak oso sustraituta daude gizartean, jaiotzatik eta bizitza osoan zehar gizarteratzeko eragileen bidez (familia, eskola, komunikabideak) zeregin, jarrera, jokabide, gaitasun... desberdinak esleitzen zaizkielako emakumeei eta gizonei. Bereizkeriaren arrazoiak hain sustraituta daudenez, jarduketa publiko orokorra jarri behar da abian, gizartearen antolaera sakon aldatzeko, bizitzako arlo eta erabaki guztietan herritarrek baterako partaidetza zein erantzukizuna edukitzeko eta eskubideak zein betebeharrak berberak izateko.

Egoera hori egitatea da oro har, eta gure udalerria ere ez dago salbu.

 Berdintasunerako II. plana jaitsi (PDF 804KB)