Albisteak

 

Jarraiko bigarren urtez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailak batera onartu dute HEZIBI deituriko programa, haren helburu delarik gazteek lanbide-gaitasunak hobetu ditzaten, ikastetxeetako prestakuntza eta enpresa batean lan egitea txandakatuz.

Programa honen hartzaile izango dira Lanbide Heziketako Erdi eta Goi mailako prestakuntza zikloetako bigarren ikasturtean -zentro publiko zein pribatuetan- matrikulaturiko ikasleak, 16 urtetik 30 urtera badituzte.

Programa honen berezitasuna da ikasleak aukera daukala, Lanbide Heziketako ikasketen bigarren eta azken ikasturtean, ikastetxean ikasi eta aldi berean sektoreko enpresa batean benetan lan egiteko, horri esker lan merkatura sartzea errazago izango zaiolarik.

Horrela, bada, prestatzeko eta ikasteko urte beteko kontratua izango du ikasleak, eta denbora horretan ordainsari bat jasoko du, egiten duen benetako lanaldiarekiko proportzionala, aplikatu dakiokeen lan-hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren araberakoa.

Programa hau erakargarria da LH-ko ikasle gazteentzat baina baita gazteok hartzen dituzten enpresentzat ere, onurak jasotzen dituztelako:

  • Alde batetik, Lanbidek 2.000 € finantziatuko dizkie kontrataturiko ikasle bakoitzeko eta
  • Beste alde batetik, %100eko murrizketa izango dute kontrataturiko langilearen Gizarte Segurantzaren kuotetan eta %100ekoa Gizarte Seguratzaren enpresa-kuotetan enpresako plantilla 250 pertsonatik beherakoa bada edo %75koa 250 langilekoa edo gehiagokoa bada plantilla.

Parte hartu nahi duten Trapagarango enpresa eta ikasleak, Enplegu eta Herriaren Garapenerako Agentziarekin jar daitezke harremanetan, aukeran, 2014ko apirilaren 16a baino lehen, erakunde horrek, Sorromorrostroko irakas-gunearekin elkar lanean arituz, behar duten informazioa emango baitie.