Albisteak

 

Trapagarango Udalak 2014ko otsailean, martxoan eta apirilean Granada ibaia birsortzeko lan desberdinak burutuko ditu. Lan horiek orain arte egin direnen osagarriak dira, eta besteak beste, honakoak izango dira:

  • Granada ibaiaren bi aldeetako galeria-basoa birsortzea, zurezko zubia eta BI-745 errepidearen artean (Geltokiko ibilbidea edo San Bizente errepidea).
  • Arkotxa industrialdearen murrua eta Granada ibaiaren ezkerreko aldearen artean landare-hesi bat aldatzea, zuhaitz autoktonoekin.
  • Durañonako baltsaren inguruko sahastegiko sasiak kendu eta landareak birsortzeko lanak egin.
  • Baltsako kross pistaren ingurua estaltzeko zuhaitz autoktonoak landatzea.
  • Baltsako landare inbaditzaileak erauztea.
  • Granada ibaiaren bi aldeetako eta haren erreketako zein baltsetako hondakinak garbitzea udalerriaren mugen barruan.
  • Landare inbaditzaileak erauztea eta hautazko eskokatzea egitea ibaiaren bi aldeetako eta haren erreketako landareen birsorkuntza sustatzeko.
  • Sailetako hutsarteak betetzea.
  • Babes-itxituretako kalteak konpontzea.

Horretarako erabiliko den formula enplegu-programa bat izango da. Programa horren bidez herriko hamabi langabe kontratatuko dira %75eko lanaldiaz. Pertsona horiek Lanbiden izena emanda egon beharko dira eta azken bost urteetan antzeko udal ekintzetan parte hartu ez dutenak izango dira.

Pertsona horien artean ofizial lorezain bat egongo da, gutxienez hiru urteko esperientzia izango duena programa honetan egingo diren antzeko lanetan eta hamaika lorezain, zeinentzat prestakuntza eta esperientzia ez baitira derrigorrezko izango, baina bai baloragarria egingo den hautaketan.

Hautapenean, gainera, parte-hartzaileen familia-egoera, baldintza sozio-laboralak eta euskararen ezagutza hartuko dira kontuan.

Proiektu honekin bi helburu lortu nahi dira:

  1. Granada ibaiaren inguruaren birsortze ekologiko iraunkorra, dauden espezie autoktonoak kontserbatuz eta landare exotiko inbaditzaileak kenduz.
  2. Herriko langabe talde bat aldibaterako laneratzea eta lana aurkitzeko dituzten aukerak hobetzea.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantzu Sailaren babesa du proiektu honek eta Ihoberen zein Udalsarea 21-Jasangarritasunerako udalerrien udal sarearen lankidetza.

Informazio gehiagorako edo izena emateko, Enplegu eta Herriaren Garapenerako Agentziara joan zaitezke 2014ko urtarrilaren 7tik 17ra.

Oinarriak (PDF 288KB)

Eskaera orria (PDF 199KB)