Albisteak

Trapagarango Udalak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Meatzaldeko Behargintzaren bitartez, aurtengo azaroan eta abenduan bi enplegu plan jarriko dituzte abian, 40 langabe kontratatzeko.

LEHENENGO ENPLEGU PLANAren bidez 38 pertsona kontratatuko dira sei hilabeterako aurtengo abenduaren amaieratik.

Horren helburua da, herriaren onurarako interes orokor eta sozialeko lanak egiteaz gain, parte hartzen duten pertsonen egoera ekonomikoa hobetzea eta prestakuntza zein eskarmentua ematea gerora laneratu daitezen.

38 pertsona horietatik, 14k mantenimendu orokorreko lanetarako taldea osatuko dute, batez ere, basabideak egokitzeko, lurrazpiko hondakin-ontziak garbitzeko eta hiri altzariak margotzeko. Taldeko arduradun 1 egongo da, 1. mailako 3 ofizial eta 10 peoi espezialista. Haien kontratua lanaldiaren %75ekoa izango da.

Beste 12 pertsonek agente zibiko lanetan arituko dira udalerriari eta ordenantzei (etxeko animalien zaintza…) buruzko informazioa emanez herritarrei, hiri altzarietan antzematen dituzten kalteak apuntatuz, ikastetxeetarako sarbideetan lagunduz… 2 arduradun izango dira, %75eko lanaldiarekin eta 10 agente zibiko %50eko lanaldiarekin.

Horiez gain, 6 pertsonek lagun egingo diete adin handiko pertsonei, ezinduei edo udaleko Gizarte Ongizate Sailak eskuhartzeko egoeran daudela adierazten duen pertsonei. Koordinatzaile 1 eta 5 zaintzaile izango dira, guztiak %50eko lanaldiarekin.

Deialdi honetan, kontuan hartuta osasun-krisiaren ondorioz bizi dugun egoera zaila, 4 administrari kontratatuko dira laguntza emateko Gizarte Ongizate eta Enplegu Sailetan. Pertsona horien lanaldia %75ekoa izango da eta izapide administratiboetan lagunduko dute, biderkatu egin baitira pandemiaren ondorioz, eta eguneratu egingo dituzte zentsuak, bai lokal hutsenak eta bai herrian jardunean dauden establezimendu eta enpresena.

Beste pertsona bat, Gizartean eskuhartzeko eta berdintasuneko erdi mailako teknikari gisa arituko da, %50eko lanaldiarekin.

Eta azkenik, aurreko planekiko berritasun gisa, pertsona batek orientatu egingo ditu plan honetan parte hartzen duten pertsona guztiak, gerora laneratu daitezen, haietako bakoitzari lagun eginez, ohiko merkatuan enplegu bat aurkitzeko aukerak areagotzeko asmoz. Haren lanordua %50ekoa izango da.

Horiek pertsona guztiek langabeak izan beharko dira, Lanbiden inskribatuak, herrian erroldatuak gutxienez urte bete lehenagotik, azken 2 urteetan enplegu planetan parte hartu gabeak eta Lanbideren arabera laneratze zaila dute kolektiboetakoak ( DSBEren jasotzaileak edo onuradunak, 35 urtekoak edo gutxiagokoak, 55 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabeak, ezinduak, genero indarkeriaren biktima diren emakumeak… besteak beste). Deialdi honetan, gainera, aurtengo martxoaren erdialdean alarma egoera adierazi ondoren langabezian geratu direnek ere sartzen dira. Pertsona horietatik, gutxienez, %40 emakumeak izango dira eta %15, 55 urtetik gorakoak.

Plan honetan parte hartu nahi duten pertsonak honako izapideak egin behar dituzte 2020ko azaroaren 19a baino lehen:

  • Lanbideko webgunean berariaz jarritako eskaintzetan aurre-inskribitzea eta
  • Enplegu eta Herriaren Garapenerako Agentzian entregatzea eskakizunak eta inguruabarrak egiaztatzeko agiriak.

 

BIGARREN ENPLEGU PLANAren bidez 30 urtetik beherako 2 pertsona kontratatuko dira hamabi hilabeterako, lanaldi osoan, aurtengo azaroaren amaieratik.

Ekimen honen asmo nagusia da pertsona horiei bere titulazioarekin zerikusia duen lehen lan-esperientzia eskaintzea.

Bi pertsona horiek berariazko programetan laguntzeko administrariak izango dira eta TICS delakoetako prestakuntzarekin, lan bilaketarekin, ekintzailetzaren sustapenarekin eta zerbitzu sektorearekin zerikusia duten arloetan arituko dira.

Langabeak izan beharko dira, Lanbiden eta Gazte Bermearen Sisteman inskribatuak, Trapagaranen erroldatuak gutxienez urtebete lehenengotik, 30 urtetik beherako izatea eta merkataritza eta marketing, administrazio eta kudeaketa edo informatika eta komunikazioetako erdi-mailako edo goi-mailako heziketa zikloa egindakoak.

BI PLANAK:

Plan hauen kostua 547.000 eurokoa da, horietatik 140.000 € (%26) Udalak jarriko baititu eta gainerako 407.000 euroak ( %74) Lanbide eta Europa Funtsa Sozialaren dirulaguntzen bidez helduko baita.