Albisteak

Trapagaranek duen ondasunik handienetako bat da bere inguru naturala, herriak izan zuen iragan meatzariaren isla. Inguru paregabe hau oso aproposa da aire zabaleko kirolak egiteko, trail, mountain bike edo mendi-ibiliak, esaterako. Lurralde honetan, Bizkaiko industriaren historiaren sorterrian, alegia, naturak bat egiten du meatzari sustraiekin.

Trapagarango Kirol eta Turismo Sailaren plan estrategikoan kokatzen da 'Alirón Parkea' eta bere asmoa da “… herriaren susperraldia prestatzea ekonomia globala zigortzen ari den pandemiaren osterarako. Udalak bi lerro paralelotan egingo du lan: alde batetik, garai latz honetan herriaren beharrizanak asetu nahi ditu, eta beste alde batetik, ekintza plan bat diseinatu gura du, osasun krisia amaitu ostean ahalik eta arinen suspertzeko” esan du saileko zinegotzi Carlos Markinak.

Udalaren proiektu berri honen lehen fasea teknologia berrietan oinarritzen da. Ekimen hau 7 ibilbiderekin hasiko da, guztira 300 Km osatuko dituztelarik. Nabigatzeko zenbait plataforma digitalen bidez (Wikiloc, Koomot edo Strava), atzitu daiteke “Alirón Parkea” bide-sarea. Mendi-kiroletako erabiltzaileen artean gehien zabalduta dauden aplikazio horietatik fitxategiak deskargatu daitezke mugikorretara, GPS-tara edo ziklokonputagailuetara, hautatutako tarteetatik zehaztasunez joan ahal izateko. Track bakoitzak fitxa tekniko bat izango du, non esango den zein kiroletarako prestatuta dagoen, zein luzera, desnibel metatu, zailtasun tekniko eta fisikoa duen. Gune turistikoki interesgarriak ere aipatuko ditu eta bisitariarentzako informazio gehiago ere bai. Jende ororentzako BTT, trail eta mendi-ibilbideak ere edukiko ditu, haietan paper nabarmendua izango duelarik Larreinetako funikularrak, Estatuan bakarra dena bere funtzionamendu-ezaugarriei dagokienean.

Proiektu honen diseinuak eta garapenak Barakaldon egoitza duen Aire Norte enpresa bizkaitarraren sinadura izango du. “Urteak daramatzagu kirolaren sektorean lan egiten, batez ere, mendiko ziklismoaren alorrean. Beti sinetsi dugu gure eskualdea oso aproposa dela kirol-turismoarentzat. ‘Alirón Parkea’-k kalitatezko ibilbideak eskainiko ditu, gure inguru natural pribilegiatuaz gozatzeko, mendia ezagutzeko beharrizanik gabe”. Edonork, bere mugikor edo GPSaren lagutzaz egin ditzake zirkuitu bakoitza” azpimarratu du Aire Norteko buruak, Rubén Sanz-ek.

Kirol eta Turismo Saila jakinarazpen sorta bat bidaltzen ari zaie mendiko kirolekin zerikusia duten elkarte eta klubei. “Hurrengo egunetan haiekin jarriko gara harremanetan sakonago aurkezteko ALIRÓN PARKEA eta parte hartzera gonbidatzeko. Parte-hartze prozesu honen bidez Trapagaranentzako oso interesgarria den proiektu hau guztion artean aberastu nahi da”, esan du Markina zinegotziak.

ALIRÓN PARKEA asmo handiko proiektua da, eta denborarekin bere bide-sarea eta bisitarientzako zerbitzu-eskaintza areagotu nahi du. Lehen fase honetan plano birtuala eta teknologia berriak izango ditu euskarri, GPS-ren bidezko nabigazioaren alorrean. Trapagarango Udalak gonbidapena zabaltzen die Meatzalde eta Ezkerraldeko udalerriei ALIRÓN PARKEArekin bat egiteko eta denon artean eratzeko turismoa eskualdera gehien erakartzen duen guneetako bat.

ALIRÓN PARKEA erabat garatuko da bide-sare birtual hau ibilbide fisiko bihurtzen denean, hots, bertatik bertara seinalizatzen direnean. Proeiktu honen epe luzerako bilakaerak gure mendiak kudeatzen dituzten erakunde guztien babesa eta lankidetza beharko du.